Zenbat denbora pasatzen dituzu Twitterren zure timelinea etengabe eguneratzen azken orduko albisteen berri izateko? Edota Instagram, zein, Tik Token scroll amaigabean orduak pantailaren aurrean galtzen? Eta zer diozue, notifikazioez beterik WhatsApp aplikazioaz?
Sarea gure bizitzako beste espazio bat bihurtu da, ukitzen ez dugun espazioa, alegia.
Urte amaiera aldean Iruñeko hainbat institutuetako DBH 1. mailako klaseetara sartzeko aukera izan nuen ‘Sartu eta Sortu’ ekimenaren baitan, sare sozialetan egiten dudana azaltzeko. Beti erran izan dut eta erranen dut nerabe eta gazteekin espazioak partekatzea pribilegio bat dela elkarrengandik ikasi dezakegun guztiarengatik eta bizitza beste perspektiba batetik ikusteko aukera ematen dutelako. Ez duzue uste hala dela?
Beno, harira! Kontua da ikasleei hasieran egin dizuedan galdera berdina egiten niela, ea zein sare sozial erabiltzen dituzten galdetu ostean. Flipatuko zenukete nola, adibidez Twitterrera 16 urtetatik aurrera sartzen diren ze 1. mailakoek sare sozial hau erabiltzen zuten galdetuta ni zaharruna bat banintz bezala. Instagram, Tik Tok, Youtube eta Twitchekin batera, gehien harritu ninduena Snapchat erabiltzen dutela jakitea da.
SNAPCHAT ORAINDIK EXISTITZEN DA!
Saio horietan sarean euskaraz bizi gaitezkeela erakuste bidean, euskarazko edukia badagoela erakusteko helburua nuen. Hori dela eta, hainbat sare sozialetan euskaraz edukia sortzen duten erabiltzaile batzuk gomendatzen nizkien, sarean ematen duten denbora ere euskaraz egiteko aukera izateko.
Ze azken finean hori da gakoa: sarean euskaraz bizitzeko aukera izatea.
Hori da nire Lisboan Erasmusean nengoenean Youtubeko kanala irekitzeko arrazoia edota Twitchen zuzenekoak egiten egotekoa. Azken finean, euskarazko edukia kontsumitzeko aukera izateko, lehenik euskarazko edukia sortu beharra dago.
Blog hau sarean euskarazko edukia egoteko nire aletxoaren beste zati bat den heinean eta lagun askok eskatuta, datozen asteetan sare sozial ezberdinetako gomendioak egingo ditut.
Hemen estekatuko dizkizuet post hauek behar eta nahi duenari erabilgarri suertatzeko 😊
Bukatzeko, mesede bat eskatu nahi dizuet: lagunduko didazue sortzaile eta proiektu berriak ezagutzen? Iruzkin edo komentarioak uzten badituzue denok erreferentzia berriak ezagutzeko aukera izango dugu eta!
Zein eduki kontsumitzen duzue sarean egunerokotasunean? Eta euskaraz?
PD: Hemen duzue ere Andrea Gonzalezek (@andrgzv) sortu eta biok osatu dugun ‘Gazteendako euskarazko eduki sortzaileak’ zerrenda. Bertan musikari/musika talde berriak, youtuberrak, tiktokerrak, twitzlariak, instagramerrak, podkastak etab. luzea aurkituko duzue. Hau da, sarean euskaraz edukia sortzen ari garenon zerrenda.