Denbora luzez buruan helburu zehatz bat izanda lanean egon ostean hori lortzean, horri uko egiteko gai izango zinatekete? Duela astebete Simone Biles gimnastak kirol mundua (eta jendarte osoa) hankaz gora jarri zuen, bere osasun mentala konpetizioaren aurretik jartzean, Rio de Janeiron 2016an ospatu ziren Olinpiar Jokoetako afera errepikatzeko (hobetzeko, inkluso) aukera bazuen ere.
Mahai gainean kriston kolpea eman du Bilesek, kirol munduan eta oro har gure egunerokoan presenta dagoen arazo larri bat mahaigaineratuz. Garrantzitsua da oso, Biles ez bait da halakorik pairatzen duen kirolari bakarra, hortxe dugu Liz Cambage saskibaloi jokalari australiarraren kasua.
WNBAko jokalariak duela pare bat urte publiko egin zuen, besteak beste depresioa eta antsietatea pairatzen zuela. Koronabirusa dela eta Tokioko Olinpiar Jokoen antolatzaileek ezarritako neurriek bere osasun mentala zaintzeko aukerarik bermatzen ez zutenez, Cambage kirolarien helmuga diren Olinpiar Jokoetan parte hartzeari uko egin zion.
Arazoa mahai gainean dago. Mahai gainean jarri du Simone Bilesek eta hamaika dira bere alde agertu direnak, baina baita haren kontra agertu direnak ere, bere kirolari izaera kolokan jartzeraino. Nori eta Olinpiar Joko eta Munduko Txapelketetan 30 domina irabazi dituen kirolariari.
Egia erran, ez dakit nola jarraitu testuarekin. Orain artekoa erraza izan da, arina eta minutu gutxian idaztekoa. Orain, aldiz, nire buruari buruz hitz egitera noanean hatzak pisutsu eta baldar sentitzen ditut teklen oihanean galduta.
Oraindik orain antsietatea izendatzea baino idaztea da kostatzen zaidana. Denboraldi onak dauden bezala txarrak ere badira, eta zelakoak gainera!
Kontzentrazio eta memoria eza, lorik egin ezina, jateari uztea edo jateari ezin uztea, erraietan hiltzatutako beldur ikusezina, arnasa falta zaizunaren sentsazioa.. eta seko uzten zaituen tristezia uholdea.
Izenik jartzen ez diozun bitartean oso gogorra da, baina behin izena jarrita, gertatzen zaizuna onartuta eta hori lantzen hasita eramangarriagoa izaten da. Beno, batzuetan ez hainbeste, baina eguneroko lan horrek asko lagundu dit niri behintzat.
Antsietate atake handi batek laguntza eskatzera bultzatu ninduen duela lau bat urte eta amaren laguntzarekin psikologo baten laguntza bilatu genuen. Ez zen erraza izan baina nire buruaren hateoari aurre egiteko tresnak eraikitzearen bidean jarri nintzen.
Ibilbide horretan janariarekiko nuen harremanaz jabetu nintzen. Nerabe nintzenetik janaria nire arazoez eta kezkatzen nauten gauzetaz eskapo egiteko irtenbidea izan da. Duela urte bete arte, antsietatea sorrarazten zidan edozein egoeraren aurrean kriston janaldi handiak egiten nituen. Erran beharrik ez dago jaten nuena ez zirela ez frutak edo barazkiak. Irenste masibo hori eta denbora tarte txikira nire burua errudun sentitzen nuen, ni neure arerio latzena eta zitalena bihurtuz.
Janariarekin nuen harremana aldatu beharrezkoa nuela konturatuta, duela urte bete gaur egun nire nutrizionista eta lagunarenera joan nintzen laguntza bila. Eta zer erranen dizuet, oraindik orain arazoari guztiz, %100ean aurre egitea lortu ez badut ere, %85a lortua dudala lasai erran nezake.
Azken hilabeteteak oso gorabeheratsuak izan dira niretzat. Nire inguru hurbilean gertakari gogorak gertatu dira eta gutxi gora behera kontrolatzen joan banaiz ere, azken aste hauek gogorrak izaten ari dira niretzat.
Nire egunerokoa nahiko gorabeheratsua izaten ari bada ere, psikologoarekin zein nutrizionistarekin batera landutakoari esker ez zait hain malkartsua egiten, egun oso txarrak baditut ere.
Inguruan laguntzen nauen lagun zoragarriak ditudan bezala, inguruko beste askorentzat gertatzen zaidana uskeria bat da, biharko pasako den zerbait edo nik sortzen dudan egoera bat da.
Horregatik Olinpiar Jokoetan Simone Bilesek egin duen bezala, nire kasua kontatuz gaur egun eta are gehiago pandemiaren ostean) arazo oso garrantzitsu hau mahai gainean jarri nahi izan dut, besterik ez.
Badakit ez naizela bakarra eta gero eta gehiago garela horrelako arazoekin bizi behar dugunak. Gaizki baldin bazaude, egun txat bat baldin baduzu ez eskatu baimenik, gaizki egoteko eskubide guztia dugu.
Egunak joan, egunak etorri, egunerokoa gero eta malkartsuagoa egiten bazaizu eta egoerari buelta ematerik ez baduzu eskatu laguntza zure ingurukoei. Baliteke ulertuko ez zaituen pertsonak (asko maite dituzunak ziurrenik) topatuko badituzu ere eta egoerak tristura handia sortuko badizu ere, egon lasai ze beti topatuko duzu, gertuago edo urrunago zu laguntzeko eta ulertzeko prest dauden pertsonak.